Kooperatiba

Zer egin dezake bere lurra errespetatuz beste molde batez lan egin eta bizi nahi duen abeltzainak?

Elkarrekin aritu irizmen berarekin ari den jendearekin, hau da, ekoizpen ekologikoaren alde, bertako arrazen alde eta gure herrien garapen iraunkorrean oinarrituriko bizimoldearen alde ari den jendearekin. Trigo Limpio kooperatiba, hain zuzen, helburu hori gogoan hartuta jaio zen, Nafarroako Pirinioetako abeltzain talde baten arteko laguntza bermatzeko, denok ados baikinen indarrak batzearekin, eta ados ere, kontsumitzailearekiko esperientzia eta konfiantza metatzearekin. Horrela, azienda gure inguruko bazkalekuetan hazi dezakegu, haragia geure zatikatze-gelan bertan eraldatu eta kontsumitzaileari zuzenean saldu, bitartekaririk gabe.

Juan Martin Elizondo - Aribe (Aezkoa)

Juan Martin Elizondo

Konbentzitua dago beti jarraitu beharreko bideaz. Hamar urtez etxeko ustiapen txikia gobernatu ondoren, Juan Martinek errotik aldatu zuen lan egiteko modua eta ekoizpen ekologikoari lotu zitzaion; hartara, behar adina aldaketa egin zituen alorrak eta elikadura gobernatzeko moduan, aratxeak eta zaldikoak gizentzeari zegokionez. Orain, 21 urteko ibilbidearen ondotik, ekoizpen tradizionalaren aldeko apustuari eusten dio, inguruko baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatuz. Ekoizpenaren oinarria mendiko bazkalekuak erabiltzea da maiatzetik azarora bitarte, eta gainerako hilabeteetan, berriz, azienda ustiategiaren inguruko belazeetan dabiltza eta bertan ukuiluratuta daude. Horrela bizi eta lan egiten du, familiarekin batera; arraza Pirenaikoko 45 behi ditu, eta Auritz arrazako 12 behor.
“Hamar urte honetan esperientzia bildu dugu, kontsumitzailearekiko konfiantza ere, eta horrek bulkaturik, beste aitzinapauso garrantzitsu bat eman dugu ustiapenean; halaber, zatikatze-gelaren aldeko apustua egin dugu, haragia geure inguruan bertan eraldatzeko”.

Patxi Antxorena - Garralda (Aezkoa)

Patxi Antsorena

Lanean ari da haragiak berezko zaporea izan dezan. Garraldan hazten du bere azienda. Abereak, horrela, hilabeterik beroenetan inguruko komunaletan bazkatzen dira, eta neguan, aldiz, ukuiluratuta daude eta abeltzainaren beraren bazkalekuetako bazka ematen zaie, edo bestela, hurbileko nekazarien zereala. 50 behi-ama hazi eta zaintzen ditu, gurasoek egiten zuten bezala, hau da, inguruko bazkalekuak eta ama-esnea oinarri hartuta. Halaber, hazitarako patata erein (hektarea eta erdi) eta Trigo Limpioren bidez merkaturatzen du hala freskoan nola txip moldean.

“Elkarturik jarduteari esker, urte osoan eskaintzen ditugu Trigo Limpioko produktuaren aldaera guztiak”


Maitina Gutierrez - Zaragueta (Artzibar)

Maitina Gutierrez

Kattalin, Maddi eta Maitina gutxi ezagutzen den ibar batean bizi dira. Zoko ezkutatu eta lasaiek berez ohi duten edertasuna dario ibarrari. Azienda eta landetxea dituzte bizibide eta lanbide, eta ekoizpen ekologikoaren alde egin dute beti, eta beti ere saiatu dira abereak eta lurra errespetatzen. Filosofia argi eta erraza dute oinarri: abereak era arretatsuagoan gobernatzea, buru bakoitzaren neurrira, abere bakoitzari behar duen denbora emanez. Beraz, Trigo Limpioren bitartez haragia bezeroari zuzenean saldu ahal izatea bat dator erabat filosofia horrekin, erran nahi baita, bitartekaririk gabe eta etxaldetik etxeetara saltzearekin.

“Arras kontzeptu argia da: bizitza eta lurra aunitz kaltetu gabe saiatu behar dugu bizitzen, berez aski kalteturik baitaude”.

Gabriel Errandonea - Bera

Gabriel Errandonea

Gabrielen familia-baserrian 1993an hasi zen ibilbidea. Saiatuko al gara molde ekologikoan? Abiapuntua hektarea erdiko sagasti bat izan zen mahaiko sagarra ekoizteko eta, 2000. urtetik honat, ekoizpen osoa ekologikoa da. Gaur egun, Pirinioetako behi gorria hazten dute, 80 bat buru, eta Nafarroako 20 behor. Halaber, 40 ardiz osaturiko artalde txiki bat dauka. Horri guztiari esker, etxeko azienda-ustiategian bizi da eta han bertan lan egiten du.
“Bizitza osoa daramagu baserrian bizitzen, aitatxi-amatxiekin, guraso eta anaia-arrebekin… eta aitzinera egin beharra dago, aitzinera jo beharra dago herriak, jendea eta paisaiak galtzen utzi gabe”

Manuel Andueza - Orontze (Zaraitzu)

Manuel Andueza

Aitaren ondoan hasi zen lanean 80eko hamarkadan, nekazaritza-ikasketak egin ondoren. Hurrengo hamar urtean, etxaldea ohiko moldez gobernatu zuten. Gero, Europako Merkatu Batuan sartzea etorri zen, eta garai hartan, gainera, hazitarako patata ziurtatuan ziharduen Sozietate bateko kide izateagatik, tratamendu jakin batzuk egin behar izaten zizkion patatari, eta ez zegoen tratamendu horiekin ados. Bi arrazoi horiek zirela medio, etxaldearen norabidea aldatzea erabaki zuen. Horrela, 1991n ekoizpen ekologikoaren berri izan zuen eta, 1993an, lehen 12 hektarea inskribatu zituen garai hartako Nekazaritza Ekologikoaren Kontseilu Erregulatzailean. 2000n, berriz, 300 buruko artaldea inskribatu zuen. Gaur egun, hazitarako patatari (75 hektarea) eta haragitako ardiari (nafar arraza) eskainitako nekazaritza- eta abeltzaintza-etxalde familiarraren burua da. 2013an, Trigo Limpio kooperatiban sartu eta patata frijituen txip poltsak hasi da merkaturatzen, bai eta bildoskia zuzenean saltzen ere kooperatibako zatikatze-gelaren bitartez.



cpaen